Ondare

Larresoroko herria, Errobi eta Latsako ibarretatik iragaten diren bide zaharren bidegurutzean kokatzen da. Pirinioetako mendi zoletako bidegurutze natural horretan, oso goiz ibili behar izan zuten migrazio-populazioek edo sedentarioek.

Lehen aztarnak Pekatenbordan atzematen dira, K.a. 600 inguruan. Ondotik, eremu horrek errotze erromatarra ezagutu duke.

Larresoro izena 1510-an agertu zen lehen aldiz dokumentu batean. 1000 eta 1510 artean, Larresoro - baita Lapurdi osoa ere - Nafarroako erresuma, Akitaniako dukerria eta Ingalaterrako erresumaren menpe egonen da (bat bestearen ondotik) eta 1451.urtetik goiti, Frantziako erresumaren menpe. XVI. mendearen hastapenean, Frantziako erresuma eta Karlos V.aren Inperioaren arteko gerran, herriak Espainiako erasoen desmasiak ere jasanen ditu.

200 urtez, Lapurdiko eskualdeak bere abantailak galdu ditu emeki emeki. Garaiaren hasierako sorgin auziek, iraultzaren garaiko gehiegikeriek eta tropa napoleoniarren arpilatzeek zorigaitza ekarri zioten Larresorori. Baina denboraren zailtasun materialak izan arren, izpirituaren hatsa ozen adierazi zen Larresoron, 1733-tik aitzina Jean Daguerre abadeak Seminarioa sortu zuenean.

XVIII. mendean, trukada eta merkataritza ugari egiten dira ibaian zehar, salgaiak Errobiko portuetatik garraiatzen dira, gaur egungo Portuita auzoan zegoen Larresoroko portua barne. Hantxe jartzen da orduan herriaren bihotza bere artisauekin, batelak eta xalantak gidatzen zituzten marineletatik errotazain edo teilarietara. Garai hartan, eliza hilerriaren erdian zen ; baina, hondatua zenez, 1884-an utzi eta herriaren gainaldean berreraiki zuten. Beste herri edo erdigune bat garatu zen orduan.

Ondarezko bidexka

Larresoroko ondare-zirkuitua 2,5 kilometrokoa da eta herri barnean dago. Ibilbidea Vivalen aparkalekutik hasten da, eta 12 toki historiko edo arkitekturazkora eramaten gaitu, azalpen-panelekin. Horrela, Monumentu Historikoen inbentario osagarrian sailkatutako seminario txikia eta kapera deskubritzen ahal dira, baita pilota plaza eta Makhila lantegia ere, 200 urtetik gorako familia-enpresa, Unescoren ondare immaterialean inskribatua eta Ondare Biziaren Enpresa gisa labelizatua. Zirkuitu horri buruzko xehetasunak atzemanen dituzue dendetan, herriko etxean baita inguruko turismo bulegoetan uzten diren esku orrien bidez.

Zirkuitutik kanpo, Larresoroko beste auzo batzuk aurki daitezke, hala nola Ospitalekoa, Konpostelako bideetan barna, San Martin gotorlekutik pasatuz. « Deabruaren Zubia » izeneko auzoak (Orkatzberoa), Latsa errekaren bazterrean dagoen harizti batera eramaten gaitu. Handik, harrizko zubi zahar bat aurkitzen dugu. Bidean, pausa freskagarria egin daiteke latsarriaren ondoan, edo pixka bat urrunago dagoen bigarren mundu gerraren denborako Comète sareko pasatzaileei eskainitako hilarriaren aitzinean. Azkenik, herriaren lehen bihotza izan zen Portueta auzoak Larresoroko portu jarduera erakusten digu.

Lapurdiko etxeak : Pelerenia, San Martin gaztelua, Hirigoina :

Seminarioa

1733 eta 1865 artean eraikia, arkitekturazko multzo horren historia herriarenarekin hertsiki lotua da, bi mende eta erdi baino gehiagotan zehar bizitza ekonomiko eta sozialari erritmoa emanen baitio. Herriko semea zen Jean Daguerre abadearen borondatetik sortua, eraikinak denetarik aterpetu zuen ; batean seminario, bestean kaserna, ospitale militarra gerra denboran, erietxe eta ospitale psikiatrikoa. Lekua 1994-an utziko da. 2005-an Monumentu Historikoen inbentario gehigarri batean sailkatua izanik, eraikinak berdin-berdin berritu dira eta hirurogei apartamentu inguru dituzte.

Kapera

Gaur egun ikusten den bezala, Seminarioaren ondoko kapera hainbat obraren emaitza da. 1737 eta 1739 artean eraikia, 1828-tik goiti handitu zen, eta bere apaindura barroko oso koloretsuak « maisulan » ikusgarri bihurtzen du ! Alabaina, seminarioaren ospearen isla da, garai hartan haren irakaskuntza mugetatik haratago doanean.

Kapera bisitatzeko, herriko etxearekin harremanetan sartu : 05-59-93-03-07 (zonbait egun lehenago deituz).

Hilerri militarra

Gerla Handiaren hasieratik, jatorri guzietako militarrak, frontean zaurituak, Larresoroko seminario zaharrera bidaltzen ziren artatzera. Seminarioa, garai hartan, 216. ospitale militarra izan zen, Jacquemin mediku nagusiaren zuzendaritzapean.

1916-an, hilerri militarra herriak ospitaleari emandako lurzati baten gainean sortu zen, departamenduko 932 errepidearen luzeran.

254 soldadu ospitalean hil eta 131 ehortzi ziren hilerrian. 1992/1993-an, Souvenir Français-en laguntzarekin, herriko etxeak hilobi-multzo bat egin zuen, gaur egun 61 hilobi dituen karratu militar batean.

Hilerriaren beste aldean, 14/18ko 70 soldadu-hilobi aurki ditzakegu. Izan ere, familia batzuk aurkitzeko eta haien baimena lortzeko zailtasunak zirela eta, gorputz batzuk ezin izan ziren karratu militarrera transferitu.

Gainerako hilobiak, Larresoroko ospitalean tuberkulosiaz hil ziren zibilenak dira bereziki, gerra ondoren erietxe bihurtu zelarik.

Jatorria, kolorea, erlijioa eta iritzien arteko edozein desberdintasunetik haratago, Larresoroko 216 Ospitaleko « Morts pour la France » Gerla Handiko berrehun eta berrogeita hamalau soldaduek errespetua merezi dute. Askatasunagatik hil ziren.

Comete sarearen hilarria

1943 eta 1944 artean, nazien okupazio denboran, Aliatuen tropetako 123 hegazkinlari gordetu, lagundu eta lekutuak izan ziren Espainiara. Larresoroko Mattin Garat okinak eta Ezpeletako baita Zuraideko beste zazpi pasatzaile gazteek parte hartu zuten ekintza horietan, beren biziaren arriskuan. Angeluko Larreko ostatu zaharretik abiatuz (Comet aterpea), zirkuituak Orkatzberoa auzotik zeharkatzen zuen Larresoroko herria, Hegoaldeko Pirinioak zeharkatzeko.

Haien oroimenez, hilarri bat eraiki zuten Larresoron, deabruaren zubiaren ondoan.

Latsarria

Historikoki, Larresoroko auzoen artean hainbat latsarri ziren. Horietako bat, herriko lurraldean kokatua, auzoko biztanleek eta herriko etxeak berritua da. Orkatzberoko bidean ikus daiteke, deabruaren zubirantz.